Eskuduntzak
Itziarko Auzo Udalari dagozkion eskuduntzak:
- Itziarko Auzo Udalaren aurrekontua: Debako Udalak onartutako aurrekontuaren parte bat dagokio Itziarko Auzo Udalari eta zati hori kudeatzeko eskumena du. Aurrekontu horrekin, Itziarko zerbitzu publiko guztien ohiko funtzionamendu gastuak ordaindu behar ditu Itziarko Auzo Udalak eta gastu horiek ordaindu ondoren geratzen den diruarekin, auzo ezberdinek dituzten inbertsio beharrei aurre egin behar die.
- Zerbitzuak: Herritarrei eskaini beharreko ohiko udal zerbitzuen kudeaketa ere (hilerriko zerbitzua, berdeguneen zaintza, kale garbiketa, auzoetako jaiak, argiteria publikoa, eraikin publikoen garbiketa eta abar) Auzo Udalaren eskumenekoak dira.
- Obra txikiak: Hirigintza arloan, obra txikietarako erabakiak hartu eta baimenak eman ditzake Auzo Udalak eta errepide, eraikin nahiz bestelako zein azpiegituratan inbertitu behar den erabakitzea ere, bere esku dago.
- Industrigunea: Argiteria publikoa eta hondakinen bilketa dira Itziarko Auzo Udalak industria gunean kudeatzen dituen zerbitzuak. Kudeaketa hori, zerbitzu horiek eskaintzen dituzten kanpoko entitateen fakturak ordaintzera mugatzen da. Gastu horiek, Debako Udalak Itziarko Auzo Udalari egin beharreko ekarpen ekonomikoaren bitartez nantzatzen dira.
Itziarko Auzo Udalaren eremuan Debako Udalarenak dira honako eskuduntzak:
- Zerga bilketa: Debako Udalak jasotzen ditu bai Deba eta baita Itziarri dagozkion zerga eta tasa guztiak ere (foru aldundiak udalei egiten dien diru ekarpena, herritar nahiz enpresek ordaindu beharreko tasa eta zergak, eta abar).
- Aurrekontuaren kudeaketa: Debako Udalak onartu behar du Itziarko Auzo Udalaren urteko aurrekontu orokorra.
- Jabetza publikoko ondasunak: Jabetza publikoko ondasunen salerosketa eragiketak, Debako Udalaren eskumenekoak dira.
- Ondasunen mantenua: Bide, plaza, eraikin eta bestelako herri ondasunen zaintza eta mantenu lanak, Debako Udalaren brigadako langileek egin behar dituzte.
- Industrigunea: Enpresa eta lantegi guztiek ordaintzen dituzten udal zergak, Debako Udalak kobratzen ditu, Itziarko ondustrigunean kokatutakoenak barne. Era berean, Debako Udaleko Hirigintza Arloaren eskumena da industriarako lurzoruaren aldaketa edota lantegi berrien ezarpenari buruzko erabaki ahalmena.
- Hirigintza arloa: Itziarko Auzo Udal esparrua barne, Deba osoko hirigintza antolamendu orokorra Debako Udalaren eskumena da, baita obra handietarako baimenak ematea ere, hala nola, etxebizitza berriak eraikitzeko baimenak ematea.
- Langileak: Debako udal langileen lanari dagokionez, brigadako lanez aparte, beste arlo guztietan ere (hirigintza, idazkaritza, kultura, euskara…) Debako Udaleko langileek eskaini behar dituzte zerbitzu horiek.