AURREKARIAK

 “Herria Sortzen” plataforma 1990an eratu zen, herritarren ekimenaz. Horrela, segregazio prozesua abiatzeko herritarren %86aren babesa jaso zuen sinadura bidez. Debako Udalak eta Foru Aldundiak ezezkoa eman zioten, ordea, espedienteari.

“Itziar Herria Sortzen” hautes talde intependiente gisa udal hauteskundeetara aurkeztu zen bost legealditan zehar, boto kopuruen gehiengoa jasota Itziarko hautes mahaian. Debako Udalean ordezkaritza zuten alderdien ondoan zinegotzia izatearen helburua zen espedienteare bidea jarraitu eta Itziarko gaiak zuzenean eztabaidatzea.

Gogoeta luzea egin eta gero, hasi zen auzo udalaren bidea. Irtenbide errealistatzat jo zen deszentralizazio administratiboa. Ordurako onartua ze arau foral berria, Hernaniko Udalak babestuta Ereñotzun eratuz aurreneko auzo udala Gipuzkoan. Hortik, Gipuzkoako Foru Aldundiak Debako Udalari agindu zion Itziarko Auzo Udalaren prozesua martxan jartzeko.

Prozesuari bidea emateko helburuz Auzo Udal Mahaia eratu zuen Debako Udalak, alderdien errepresentazioz. 2013ko azaroan ospatutako osoko bilkuran zinegotzi guztien aldeko bozkaren babesa jaso zuen Oinarrizko Txostenak. Ondoren, informazioa hedatu eta herritarren ekarpenak jasotzeko bilera irekiak antolatu ziren auzoz-auzo.

Txostenarekiko kontrakotasuna adieraziz herritar mugimendu zabala sortu zen Deban. Hortik hautsi egin zen udalean adostasuna. Ondorioz, ordura arte sostengatutako Auzo Udalaren mahaia hautsi egingo da. Aldaketa horrek zatiketa eragin zuen hortik aurrera, bai udalean, bai eta ere Debako jendartean.

Bitartean, Deba eta Itziarko herritarrek bultzatuta auzo udalaren aldeko ekimen zibila antolatu zen, udalean adostasun zabalez babestutako ereduaren balioa aldarrikatuz, Itziarko Auzo Udalaren prozesuari babes soziala emateko.

Blokeo egoera gainditzeko herri galdeketa ez loteslea antolatu zen auzo udalaren eremuan 2014ko maiatzaren 25ean. Bailaraz-bailarako 4 urna jarri ziren mahai berean eta araudiak agindutako protokoloak bete. Parte-hartze altua eta aldeko emaitza erabatekoa nabarmendu ziren.

2014ko ekainaren 17an Debako Udalbatzak gehiengo osoz (aldeko 8 bozka, kontrako 5) Txosten Definitiboa onetsi zuen, aurrera egitea erabakiz.

Ondoren Gipuzkoako Foru Aldundiak bidea eman zion Itziarko Toki Entitate Txikiaren Txosten Definitiboari. Prozedura horren barne, legeak jasotakoaren arabera, herritarrek babes soziala eman zioten, Debako Udalak antolatutako galdeketaren bidez. Galdeketaren emaitza honakoa izan zen:

Parte-hartzea: %72

Aldekoak: %96


HITZARMENA

Gipuzkoako Foru Aldundiaren 3/2015 Foru Dekretuak ezarritako jarraibideen gainean hasi zuen bere ibilera Itziarko Toki Entitate Txikiak 2015eko otsailean.

Dagozkion eskumen eta jarduerak beregain hartuak ditu hasieratik Itziarko Auzo Udalak. Dakigunez, zenbait eginbide nagusi delegatuak dira ordea, Debako Udalak kudeatu beharrekoak (hala nola hirigintza asmo nagusiei dagozkienak edo turismo alorrekoak, gizarte zerbitzuak, edota diru-bilketa). Zehaztuta dauden funtzioez gain, beste hainbeste dira alde bien artean adostasunetik finkatu beharreko ildoak. Horretarako Foru Dekretuak xedatzen du ildo horiek Debako Udalaren eta Itziarko Auzo Udalaren arteko hitzarmen bidez adostea komeni dela.

“Itziarko Mahaia” izenaz Debako Udaletik sortutako organoak garrantzia hartu du pixkanaka. Debako Udaleko alderdien ordezkariak eta alkatea, eta Itziarko Auzo Udaleko ordezkaria eta alkatea, udal idazkariarekin batera, dira beronen parte.  Bi erakundeen arteko koordinazioa sustatzea izanik xede, ezinbestekoa izan da bertan ahalbideratutako elkarrizketa hitzarmenaren bidean, hainbat mamu uxatuz.

2020ko aurrekontuen negoziaketatik sortutako lankidetza giroa ezinbestekoa izan da hitzarmenaren elkarrizketa bultzatzeko. Covid-19ak sortutako egoera larriak elkarlan institutuzionalera eraman gaitu ezinbestean, eta hori lagungarria gertatu da bi erakundeen arteko lan ildoak konfiantzatik sustatzeko.

2020ko abenduaren 9an egindako osoko bilkuran eman zion oniritzia Itziarko Auzo Udalak hitzarmen dokumentuari; era berean, abenduaren 17an Debako Udaleko osoko bilkurak beste hainbeste egin zuen. Ondoren, abenduaren 18an Itziarko Kotzeju Etxean egin zen sinadura ekitaldia, Debako Udaleko alkate zein zinegotziak, eta Itziarko Auzo Udalaren Talde Eragileko kideak zirelarik bertan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean, Eider Mendoza Larrañaga gobernantza diputatua eta foru bozeramaleak hartu zuen parte.

Itziarko Auzo Udalaren garapenean aurreikusitako faseak gaindituta bereak dituen eskumenak berresteaz gain, horiek kudeatzeko ahalmena eta datozen pausoak zehazten ditu sinatutako hitzarmenak.

Bestalde, nortasun juridiko propioa izanik hainbat eremutan gaitasun propioz jarduteko bidea sendotzen dio hitzarmenak auzo udalari. Hitzarmenaren muin eraikitzailearen seinale dira berriki onartutako auzo udalaren 2021eko aurrekontuak; izan ere, sei urtetan lehenbizikoz aplikatu zaie formula bere osotasunean, aurreko urteetako murrizketak gaindituz.

Hitzarmen hau guztiontzat aurrerapauso garrantzitsua da inondik ere. Hainbat urtetako konponezina gainditu eta aro berri bat finkatzen du auzo udalaren ibilbidean, ezinbestekoa izango zaiguna egungo eta etorkizuneko erronkei elkarlanean aurre egiteko. Aho batez sinatutako hitzarmen hau oinarrizko dokumentu berriztagarria da, eta adostasun berriak gauzatu ahala joango da osatzen.